Lehen hezkuntzan giza gorputza lantzeko baliabideak


11/25/2013

ADNa: gu sortzeko jarraibideak

Esan bezala, gorputzeko zelula bakoitzaren nukleoan ADNa gordetzen da. Informazio genetiko hau gure gorputza eraikitzeko jarraibideak bezalakoak dira. ADNa oso estu bilduta dago kromosoma izeneko egituretan. Kromosomek X itxura dute, eta gizaki osasuntsu batek 46 kromosoma ditu.
Iturria (link)
Baina nondik dator ADN hori? Nola heldu da gure gorputzeko zelula guztien nukleoan egotera?
Gure gurasoengandik dator informazio genetiko hori. Zehazki, 23 kromosoma amarengandik jasotzen ditugu, eta beste 23ak aitarengandik. Lehen esan dugu ADN osoa gorputzeko zelula guztietan dagoela, baina hau ez da guztiz egia. Gameto izeneko zelulak dira sabuespen bakarra. Gametoak izaki bizidun berri bat sortzeko ezinbestekoak dira. Bi mota daude: obuluak, emakumeetan; eta espermatozoideak, gizonetan.Ume bat sortzeko obulua eta espermatozoidea elkartu behar dira. Baina gameto hauek ADN osoa izango balute, sortuko litzateken umeak 92 kromosoma izango lituzke. Ezinezkoa!
Iturria (link)

















Horregaitik, gametoek 23 kromosoma bakarrik dituzte, hau da, gizaki bat sortzeko beharrezkoaren erdia. Biak batzean, 46 kromosomako zelula bat sortuko da, gizaki berriaren hasiera izango dena. Zelula honen nukleoan dagoen informazio genetikoa bi gurasoenaren arteko nahasketa izango da. Hortik aurrera, zelula bakar hori bikoizten eta bikoizten hasiko da, amaren umetegiaren barruan, haurtxo baten tamaina lortu arte.
Iturria (link)

Ez pentsa zelulak haurtxoa jaio aurretik bakarrik bikoizten direnik. Prozesu hau gure bizitzan zehar jarraitzen du. Adibide argiena ulearen, hatzazkalen... hazkundea da. Konturatzen ez garen arren, gure gorputzean zelulak etengabe jaiotzen ari dira... eta baita hiltzen ere. Euren funtzioaren arabera zelulak egun batzuetatik hilabete batzuetarainoko bizi iraupena dute, eta eskasak dira gure bizitza osoan zehar iraungo duten zelulak. Duzun adina duzula, zure gorputzeko zelulen batez-besteko adina 8 urtekoa dela kalkulatu da!

Badakigu, beraz, ADNa gu eraikitzeko jarraibideak direla, gure guraoengandik jasotakoak. Baina zer gertatzen da jarraibide hauetan akatsen bat dagoenean? Hurrengo sarreran ikusiko duzu!

11/18/2013

Zelulak: gorputzaren adreiluak


Zelulak bizidun unitaterik txikienak dira. Izaki bizidun guztiak zelulaz osotuta daude, etxeak adreiluz osotuta dauden bezala. Izaki bizidun batzuk zelula bakar batez osotuta daude, eta beste batzuk milioika zelulaz. Gizaki heldu baten gorputzean 30.000.000.000.000 zelula inguru daude. Pentsatu zein txikiak diren!
http://www3.gobiernodecanarias.org/medusa/ecoblog/jarrsua/?p=181












Hain txikiak direnez, zelulak ezin dira begi hutsez ikusi, ezta lupa baten bidez ere. Zelulak ikusi ahal izateko, tresna bereziak beharrezkoak dira. Horietako bat mikroskopioa da.
https://sites.google.com/site/alejandromejiarendon111/microscopio












Zelula guztiak ez dira berdinak. Gorputzean duten kokapenaren arabera helburu bat betetzen dute eta, helburu hori bete ahal izateko, moldatu egiten dira. Tamaina eta forma aldatzen dituzte, besteak beste. Burmuineko zelula bat eta hezurreko bat ez dira berdinak.
Gihar zelulak
http://rorasalinas.blogspot.com.es/2008_11_01_archive.html






























Hala ere, nahiz eta gorputzeko zelulen itxura oso desberdina izan, guztiek oinarrizko egitura bera dute. Mintz plasmatiko batez inguratuta daude. Mintzaren barruan zitoplasma izeneko ingurune likidoa dago eta, bertan murgilduta, organulu deitutako egiturak. Organulu mota asko daude, zelula bizirik iraunteko funtzioak betetzen dituztenak: elikatu, hondakinak kanporatu... Zelulek izaki bizidunen funtzio nagusiak betetzen dituztela gogoratu: jaio, hazi, inguruarekin erlazionatu, ugaldu eta hil. Zitoplasmaren barruan zelularen atal oso garrantzitsu bat ere badago: nukleoa. Nukleoa ere mintz batez bananduta dago, eta bertan zelula horren informazio genetikoa gordetzen da.
http://biologiarubenurjc.wordpress.com/2012/03/19/membrana-nucleo-y-citoplasma/

Informazio genetiko hau ADN bezala metatzen da eta, aldi berean, ADNak kromosomak osatzen ditu. Gure gorputzeko zelula guztietako nukleoetan ADN berdina dago. ADNaren barruan gure gorputzari buruzko informazio guztia dago; gure gorputza eraikitzeko jarraibideak bezalakoak dira: altuera, ulearen kolorea, azalaren kolorea, aurpegiaren itxura... Zelula guztiek ez dute informazio guzti hau behar; adibidez, behatzeko hatzazkaleko zelula batentzat zure ulearen koloreari buruzko informazioa ez da oso erabilgarria izango. Hala ere, bertan gordeta dago.
http://www.dicyt.com/viewItem.php?itemId=20429
Nola heltzen da ADNa zure gorputzeko zelula guztietara? ADNan akatsak daudenean, zer gertatzen da?
Erantzunak eta askoz gehiago hurrengo sarreran aurkituko dituzu! Baina irrikaren irrikaz egonezin bazaude, hemen duzu bideo interesgarri bat:

Autobus magikoa: Zelulak