Lehen hezkuntzan giza gorputza lantzeko baliabideak


1/03/2014

Birpasa ariketak (Lokomozio-aparatua)

Lokomozio-aparatua lantzen ibili gara azken sarreretan. Hezurrak, giltzadurak eta giharrak aztertu ditugu eta lokomozio-aparatuaren eta nerbio sistemaren arteko erlazioa ikusi dugu.

Landutakoa ulertu duzu? Zalantzarik al duzu? Birpasa moduan, hurrengo orrialdea erabili dezakezu. Bertan hemen landutakoaren inguruko azalpen laburrak eta birpasa ariketak aurkituko dituzu.

Hemen klik egin orrialdera joateko
Gogoratu, zalantzarik izan ezkero iruzkinetan adierazteko aukera duzu.

1/02/2014

Nerbio-sistema

Lokomozio-aparatuaren partetzat hartzen ez den arren, nerbio-sistema aparatu honekin oso lotuta dago.
Ikusi dugunez, hezurrek gure gorputzari eusten diete eta giharrek, uzkurduraren bitartez, mugitu egiten dute. Baina zerk eragiten du giharrak uzkurtzea? Ibiltzen gaudenean, zerk egiten du hori egiteko beharrezko giharrak uzkurtzea?
Iturria
Erantzuna nerbio-sistema da. Nerbio sistemaren gunea burmuina da. Bost zentzuetatik jasotzen duen informazioan oinarrituta, burmuinak gorputzeko beste atal guztiei aginduak bidaltzen dizkie.

Nerbio-sistema kaltetuta badago, agindu hauek ez dira giharretara helduko, eta ezin izango gara mugitu. Paraplejia duten pertsonei gertatzen zaiena horixe da: haien hanketako hezurrak eta giharrak osasuntsuak izan arren, haietara burmuinaren aginduak bidaltzeko bidea moztuta dago eta, ondorioz, ezin dituzte mugitu. Tetraplejia duten pertsonen kasuan, bidea burmuinetik hurbilago moztuta dago: ezin dute zamatik beheragoko gorputz atalik mugitu. Irudian ikusten den bezala, bizkarrezurra ere nerbio-sisteman garrantzi handia duen atala da.

Iturria
Hemen nerbio-sistemaren atalak hobeto aztertzeko animazioa aurkituko duzu.

Hemen bizkarrezurrari eta nerbio-sistemari buruzko gauza gehiago ikasiko dituzu animazio entretenigarrien bidez. Ezkerreko aurkibidean, aukeratu "Bizkarrezurra" eta "Mugimenduen koordinazioa eta oreka". Gogoratu amaierako ariketak egitea zure ulermena ebaluatzeko.

12/30/2013

Giharrak

Hezurrek gorputzari eusten diote baina, gorputza mugitu ahal izateko, giharrak beharrezkoak dira. Dakizunez, hezurrak zurrunak dira; giharrak, ordea, malguak dira. Gure gorputza mugitzeko, giharrak uzkurtu eta erlaxatu egiten dira.
Egin klik irudian handitzeko eta aztertu giharren izenak (Iturria)

Hemen giharrei buruzko gauza gehiago ikasiko dituzue. Horretarako, ezkerreko aurkibidean "Giharrak" aukeratu.

Amaitzeko, hemen duzue bideo interesgarri bat. (Oharra: bideoa erderaz dago, beraz agertzen diren hitzak ez dira guk ikasitakoen berdin-berdinak izango. Esaterako, gihar ordez "músculo" esaten dutela ikusiko duzu). 

12/29/2013

Giltzadurak

Hezurrak ezinbestekoak dira gorputzari eusteko. Bi hezur elkartzen diren puntuan, askotan, gorputza atal horretan tolesteko aukera dago. Puntu hauei giltzadurak edo artikulazioak deritze. Adi hurrengo dokumentuari!


Giltzadurak from MargaGutierrez

Gehiago jakin nahi duzu? Hona hemen animazio interesgarri bat! (Ezkerreko aurkibidean "Artikulazioak" aukeratu) Ez ahaztu amaierako galderak egitea ulertu duzula ziurtatzeko.

Hemen hezurren eta artikulazioen izenak lantzeko jokua aurkituko duzu. Aztertu ondo irudia, bakoitzaren izenak gogoratzeko eta, prest zaudenean, hemen sartu jolasteko. 

12/26/2013

Hezurrak

Irakurri hurrengo dokumentua eta egin amaierako ariketak ulertu duzula ziurtatzeko.


Hezurrak from MargaGutierrez

Orain badakigu hezurrei buruzko oinarrizkoa, eta baita hezur garrantzitsuenen izenak ere. Gehiago jakin nahi al duzu? Adi hurrengo animazioari! Amaieran, ulertu duzula ziurtatzeko ariketak aurkituko dituzu.

12/22/2013

Lokomozio-aparatua: nola mugitzen gara?

Aurreko sarreretan zelulei buruz hitz egin dugu. Esan bezala, gure gurputza milioika zelulaz osotuta dago. Zelula hauek elkarlanean aritzen dira: zelulak batuz ehunak sortzen dira; ehunak batuz, organoak, eta organoak batuz, aparatuak.
Aztertuko dugun lehenengo aparatuak lokomozio-aparatua du izena. Aparatu honek gure gorputza mugitzea eta bere formari eustea ahalbidetzen du. Lokomozio aparatua bi atalez osotuta dago: hezurrak eta giharrak.
Nola izango ote ginateke hezurrik eta giharrik gabe? Ezagutzen dituzu zure gorputzeko atal hauek? Zer gertatzen da hezur bat apurtzean? Eta giharrak, apurtu daitezke?

Laster aurkituko ditugu erantzunak!

12/10/2013

Birpasa ariketak (Zelula eta ADNa)

Hona hemen bi jarduera orain arte landutakoa ulertu duzuela ziurtatzeko. Gogoratu, akatsak izan ezkero aurreko sarrerak aztertu edota iruzkinetan zure zalantzak idatzi ahal dituzue. Sorte on!

12/02/2013

Akatsak jarraibideetan

Edozein makinarekin gertatzen den bezala, gure gorputza eraikitzeko jarraibideetan akatsak badaude hau emaitzan isladatuko da. Akats hauek eragin txikia eta garrantzi bakoa izan ahal dute, edo gorputzaren funtzionamendua guztiz aldatu dezakete. Kasu larrienetan, heriotza ere eragin dezakete.
Gaixotasun hauek gaixotasun genetikoak deitzen dira, geneen aldaketen ondorioz gertatzen direlako (gogoratu ADNak geneak osotzen dituela, eta geneek, kromosomak). ADNan akatsak baldintza desberdinetan gertatzen dira.
Batzuetan, gurasoen ADNan akatsen bat dago, umeak gaixotasunen bat izatea eragingo duena. Nahiz eta gurasoek gaixotasuna ez izan, seme-alabei transmititu ahal diote. Izan ere, gaixotasun batzuen kasuetan, gene bat baino gehiago aldatuta egon behar da pertsona horrek gaixotasuna izateko. Horregaitik, gertatu daiteke gurasoek gen bakarra aldatuta izatea baina, haurrarengan bi geneak batzean, haurrak gaixotasuna izango du. Beste kasu batzuetan, gen bat aldatuta izatea nahikoa da gaixotasuna azaleratzeko.
Mota honetako gaixotasun asko daude. Hemen pare bat aipatuko ditugu:

Akondroplasia
Akondroplasia duten pertsonen gorputz-adarrak (hankak eta besoak) ez dira bere emborraren abiadura berberean garatzen. Ondorioz, hanka eta beso laburrak dituzte, eta batez bestekoa baino altuera txikiagokoak dira. Gaixotasun hau duten pertsonen batez besteko altuera 1,30 metrokoa da. Hezurren garapen ez ohiko honek aurpegiaren itxuran ere eragina du.
Iturria (link)
Iturria (link)



Albinismoa
Albinismoa duten pertsonek larruazal ia zuria, ule hori oso argia eta begi argiak dituzte. Haiek duten akats genetikoak melanina izeneko sustantzia ez sortzea eragiten du. Sustantzia hau da gure azal, ule eta begieri kolorea ematen diena, eta baita eguzkitan belztea eragiten duena. Itxura desberdina ez da albinoen ezaugarri bakarra: belztu ezin direnez, eguzkiak erreztasun handiz erretzen die azala. Eguzkiak begiak ere mintzen dizkie. Gaixotasun hau etnia guztietan agertzen da, hau da, gertatu liteke guraso beltzaranek seme-alaba albinoak izatea.
Iturria (link)
Iturria (link)



Beste kasu batzuetan, kromosoma kopuru ez ohiko gizakiak sortzen dira. Azaldu dugun bezala, gametoek (obuluak eta espermatozoideak) 23 kromosoma dituzte, hau da, gorputzeko beste zelulen erdia. Bi gametoak batzean, 46 kromosomako izakia sortzen da. Batzuetan, ordea, gametoen sorreran arazoren bat gertatu da, eta behar baino kromosoma gehiago edo gutxiago dituzte. Ondorioz, sortutako gizakiak ez ditu 46 kromosoma izango.

Down sindromea
Honen ondorioz gertatzen den gaixotasun ezagunena Down Sindromea da. Sindrome hau duten pertsonek kromosoma bat gehiago dute, hau da, 47 kromosoma dituzte. Esan bezala, kromosomak bikoteka doaz, bat amarena eta bestea aitarena, eta guztira 23 bikote daude. Pertsona hauen kasuan, ordea, 21. bikotean kromosoma bat gehiago dago. Pertsona hauek adimen maila baxuagoa eta itxura berezia dute. Zenbait osasun arazo (obesitatea, bihotzekoak...) izateko joera handiagoa ere badute, eta horiek ekiditzeko asko zaindu behar dute haien osasuna.
Iturria (link)
Iturria (link)



Hauek adibide batzuk baino ez dira. ADNaren akats baten ondorioz sortzen diren gaixotasun asko eta asko daude. Gure informazio genetikoan gertatzen diren aldaketa hauek aldaketa horiek ez dituten pertsonak ez bezalako itxura izatea eragin dezakete. Hala ere, nahiz eta gure itxura bera ez izan, guztiok gara pertsonak, ahalmen eta ahultasunekin.

11/25/2013

ADNa: gu sortzeko jarraibideak

Esan bezala, gorputzeko zelula bakoitzaren nukleoan ADNa gordetzen da. Informazio genetiko hau gure gorputza eraikitzeko jarraibideak bezalakoak dira. ADNa oso estu bilduta dago kromosoma izeneko egituretan. Kromosomek X itxura dute, eta gizaki osasuntsu batek 46 kromosoma ditu.
Iturria (link)
Baina nondik dator ADN hori? Nola heldu da gure gorputzeko zelula guztien nukleoan egotera?
Gure gurasoengandik dator informazio genetiko hori. Zehazki, 23 kromosoma amarengandik jasotzen ditugu, eta beste 23ak aitarengandik. Lehen esan dugu ADN osoa gorputzeko zelula guztietan dagoela, baina hau ez da guztiz egia. Gameto izeneko zelulak dira sabuespen bakarra. Gametoak izaki bizidun berri bat sortzeko ezinbestekoak dira. Bi mota daude: obuluak, emakumeetan; eta espermatozoideak, gizonetan.Ume bat sortzeko obulua eta espermatozoidea elkartu behar dira. Baina gameto hauek ADN osoa izango balute, sortuko litzateken umeak 92 kromosoma izango lituzke. Ezinezkoa!
Iturria (link)

















Horregaitik, gametoek 23 kromosoma bakarrik dituzte, hau da, gizaki bat sortzeko beharrezkoaren erdia. Biak batzean, 46 kromosomako zelula bat sortuko da, gizaki berriaren hasiera izango dena. Zelula honen nukleoan dagoen informazio genetikoa bi gurasoenaren arteko nahasketa izango da. Hortik aurrera, zelula bakar hori bikoizten eta bikoizten hasiko da, amaren umetegiaren barruan, haurtxo baten tamaina lortu arte.
Iturria (link)

Ez pentsa zelulak haurtxoa jaio aurretik bakarrik bikoizten direnik. Prozesu hau gure bizitzan zehar jarraitzen du. Adibide argiena ulearen, hatzazkalen... hazkundea da. Konturatzen ez garen arren, gure gorputzean zelulak etengabe jaiotzen ari dira... eta baita hiltzen ere. Euren funtzioaren arabera zelulak egun batzuetatik hilabete batzuetarainoko bizi iraupena dute, eta eskasak dira gure bizitza osoan zehar iraungo duten zelulak. Duzun adina duzula, zure gorputzeko zelulen batez-besteko adina 8 urtekoa dela kalkulatu da!

Badakigu, beraz, ADNa gu eraikitzeko jarraibideak direla, gure guraoengandik jasotakoak. Baina zer gertatzen da jarraibide hauetan akatsen bat dagoenean? Hurrengo sarreran ikusiko duzu!

11/18/2013

Zelulak: gorputzaren adreiluak


Zelulak bizidun unitaterik txikienak dira. Izaki bizidun guztiak zelulaz osotuta daude, etxeak adreiluz osotuta dauden bezala. Izaki bizidun batzuk zelula bakar batez osotuta daude, eta beste batzuk milioika zelulaz. Gizaki heldu baten gorputzean 30.000.000.000.000 zelula inguru daude. Pentsatu zein txikiak diren!
http://www3.gobiernodecanarias.org/medusa/ecoblog/jarrsua/?p=181












Hain txikiak direnez, zelulak ezin dira begi hutsez ikusi, ezta lupa baten bidez ere. Zelulak ikusi ahal izateko, tresna bereziak beharrezkoak dira. Horietako bat mikroskopioa da.
https://sites.google.com/site/alejandromejiarendon111/microscopio












Zelula guztiak ez dira berdinak. Gorputzean duten kokapenaren arabera helburu bat betetzen dute eta, helburu hori bete ahal izateko, moldatu egiten dira. Tamaina eta forma aldatzen dituzte, besteak beste. Burmuineko zelula bat eta hezurreko bat ez dira berdinak.
Gihar zelulak
http://rorasalinas.blogspot.com.es/2008_11_01_archive.html






























Hala ere, nahiz eta gorputzeko zelulen itxura oso desberdina izan, guztiek oinarrizko egitura bera dute. Mintz plasmatiko batez inguratuta daude. Mintzaren barruan zitoplasma izeneko ingurune likidoa dago eta, bertan murgilduta, organulu deitutako egiturak. Organulu mota asko daude, zelula bizirik iraunteko funtzioak betetzen dituztenak: elikatu, hondakinak kanporatu... Zelulek izaki bizidunen funtzio nagusiak betetzen dituztela gogoratu: jaio, hazi, inguruarekin erlazionatu, ugaldu eta hil. Zitoplasmaren barruan zelularen atal oso garrantzitsu bat ere badago: nukleoa. Nukleoa ere mintz batez bananduta dago, eta bertan zelula horren informazio genetikoa gordetzen da.
http://biologiarubenurjc.wordpress.com/2012/03/19/membrana-nucleo-y-citoplasma/

Informazio genetiko hau ADN bezala metatzen da eta, aldi berean, ADNak kromosomak osatzen ditu. Gure gorputzeko zelula guztietako nukleoetan ADN berdina dago. ADNaren barruan gure gorputzari buruzko informazio guztia dago; gure gorputza eraikitzeko jarraibideak bezalakoak dira: altuera, ulearen kolorea, azalaren kolorea, aurpegiaren itxura... Zelula guztiek ez dute informazio guzti hau behar; adibidez, behatzeko hatzazkaleko zelula batentzat zure ulearen koloreari buruzko informazioa ez da oso erabilgarria izango. Hala ere, bertan gordeta dago.
http://www.dicyt.com/viewItem.php?itemId=20429
Nola heltzen da ADNa zure gorputzeko zelula guztietara? ADNan akatsak daudenean, zer gertatzen da?
Erantzunak eta askoz gehiago hurrengo sarreran aurkituko dituzu! Baina irrikaren irrikaz egonezin bazaude, hemen duzu bideo interesgarri bat:

Autobus magikoa: Zelulak